Anda di halaman 1dari 2

Aurreproiektuaren inguruan, Toki Ona Institututik ondorengo ekarpenak edo iradokizunak helarazi nahiko genituzke. 1.

Onartu duten aurreproiektuak Hezkuntza Sistemak erreforma bat behar duela dio. Gure ustez, hori baieztatzeko adierazleetan oinarritu beharko lirateke, eta adierazleek hori baieztatuko balute, Estatu mailako Itun bat beharko genuke, kalitate sisteman eta adostasunean oinarrituta; eta kalitate sistemak eskatzen dituen prozedurak jarraituz. Horretarako Hezkuntzan ari diren (garen), hau da, inplikatutako adituez osatutako taldeak, irizpide pedagogikoak eta ez politikoak kontuan hartuz, Kalitatezko Hezkuntza Sistema sendoa, baliotsua, sinesgarria izan dadin, eta ez dadila izan partiduen errezeta moduan erabilia, beraien ideario politikoaren arabera diseinatua. 2. Arreproiektuak dio eskola porrota gainditzea dela helburu nagusia. Helburu hori planteatzea hagitz interesgarria dela deritzogu; baina, gure ustez, horri aurre egiteko tokian tokiko emaitzak eta egoerak aztertu beharko lirateke, Nafarroan egiten dugun moduan: emaitzak aztertuz, hobekuntza-planak aurkeztuz, hauek ikuskatuz eta kontuak eskatuz. Halere, gure uste apalean, ezin dira neurri amankomunak hartu Erkidego guztientzat, errealitatea hagitz ezberdina delako, eta hori baieztatzeko PISA 2009ko datuak aztertzea bertzerik ez dago. 3. Kanpo-ebaluazioak planteatzea neurri moduan emaitzak hobetzeko, ez zaigu pedagogikoki egokia iruditzen, ikastetxeko curriculumnak eta barne-ebaluazioak zalantzan jartzen direlako, objektiboak izateko jende anitzekin kontatu behar delako, bai azterketak diseinatzeko, bai bideratzeko, bai zuzentzeko eta horretarako finantziazioa beharrezkoa delako. Gainera, kanpo-ebaluazioen emaitzek eskola-porrota handituko luketelako, eta oinarrizko gaitasunak garatzeko eta lantzeko modurik ez genuke izanen, kanpo-proba horien baitan geletako jardun guztiak bideratuko liratekeelako. 4. Aniztasunari aurre egiteko orain arte genituen baliabide guztiak deuseztatzen dira inolako azterketarik edo baloraziorik egin gabe, eta ordezkatzen dira aukera bakarrarekin: Oinarrizko Lanbide Hezitarekin. Oinarrizko Lanbide Heziketa planteatzea eta PCPIak kentzea, desegokia dela deritzogu, une honetan PCPIren bat egiten duten ikasleek DBHko titulua lortzeko aukera dutelako, eta O.L.H. egiten dutenek, soilik, Lanbide Heziketako Erdi Maila egiteko aukera izanen lukete, baina sarrera proba bat gainditu beharko lukete, bertzela ikastetxeetatik kanpo, titulurik gabe. geldituko lirateke. Gure galdera honakoa da: zenbat ikasle geldituko dira titulurik lortu gabe? Gainera, O.L.H. bi urtekoa bada, nola finantziatuko da? 5. Irakasleen eskubideak galtzen dira aurreproiektu honetan, LOEn salbuespen zirenak, hau da, irakasle bat ikastetxe batetik bertzera aldatzea, maila batetik bertzera pasatzea orain ohikoak bihur daitezke. Horrezaz gain, irakasle interinoen lana bakarrik Zuzendarien esku uztea oso arriskutsua izan daiteke. 6. Zuzendariaren eskumenak direla eta, orain arte ikastetxeetan hain garrantzitsuak ziren Eskola Kontseiluek zituzten eskumenak Zuzendariengana pasatzen dira. Gure ustez, ikastetxeentzat ez du inolako hobekuntzarik ekarriko kalteak bertzerik ez, eskola-komunitatearen parte hartzea eta adostasuna galtzen delako. 7. Ikastetxeko autonomiaz hitz egiterakoan, Hezkuntza Departamentuak hartzen zituen erantzukizunak Zuzendariarengan uzten dituzte, eta hori ere ez zaigu etikoa iruditzen. Bertzalde, zentroak klasifikatzea emaitzen arabera, hagitz arriskutsua izan daitekeela uste dugu. Zentro bakoitzaren errealitatea ez baita ezagutaraziko, soilik, lortu dituzten emaitzak.

8. Aurreproiektuan, maila bakoitzean, emanen dena, eta kenduko dena, zeren arabera erabaki da? Nork egin du diagnostiko fidagarriren bat, eta noiz? Nori galdetu diote ikasle baten formakuntza integrala bermatzeko eta lortzeko ikasgai horiek direla landu behar direnak? Emaitzak nola konprobatuko dira? Hasierako puntuan aipatutakoa errepikatu nahiko genuke berriro: horrelako aldaketak planteatzeko behar-beharrezkoa da Estatu mailako Itun bat. Itun honek gure Kalitatezko Hezkuntza Sistema sendoa, sinesgarria, denok babestuko duguna, inbertsioak jasoko dituena, gure etorkizuneko biztanleen formazioa eta hezkuntza-maila bertze lurraldeetako biztanleen parekoa izan dadin bermatuko luke.

Anda mungkin juga menyukai