Anda di halaman 1dari 135

Eskuen sustraiak

OIER GUILLAN

Liburu honen salneurria: 3,54 . Ordainketa egiteko, edo liburu gehiago eskuratzeko: http://susa-literatura.com/ebook

2009 Oier Guillan edizio honena: Susa cc-by-sa Creative Commons Aitortu Partekatu http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0/deed.eu Lehen edizioa paperean: 2009ko urria Edizio hau: 2011ko ekaina Susa: 317 posta kutxa / 20800 Zarautz Adoain Aita 92 / 31015 Iruea Zubitalde 21 / 48195 Larrabetzu Telefonoa: 943 83 26 55 Elektroposta: susalit@armiarma.com Webgunea: http://susa-literatura.com

PAPEREZKO BARATZEA

Beraiek kode zibila bezain harro zabalduko dut nik On Kixote Mantxako eta luzaz egonen naiz orrialde berean, hitzen baten zain. Agirre zaharraren kartzelaldi berriak KOLDO IZAGIRRE

Hildakoen ispiluek ahaztu dutena naiz.


Erein dut poza eta jaio dira ileak. Bizi naiz orpoetan. tud ihan istuah adarigeb erin alon tikad ze ate Zakarra da nire ahotsa, bizi naiz ezpainetan. Zaharra da nire ahotsa, oroimenaren adinekoa. Suharra da nire ahotsa, itsaso hautsien tamainakoa.

Erein ditut malkoak eta jaio dira sustraiak. Bizi naiz hortzetan. Nire irribarreak amorruaren antza dauka. Txantxar isilaren soldatarekin sendatzen ditut oholtza hautsien dardarak. kilios naeztlag arekua okeztirrah aned ad neztlag Erein ditut ferekak eta jaio dira ukabilak. Bizi naiz biriketan. Erantzi dut biluztasuna, azaletik zenbatu ditut galera alaien izerdiak. Orbelen moduan egiten dute krask aitortzek nire zainetan. Erein ditut uneak eta jaio dira telefonoak. Zenbakiak eta ahotsak, nortasun erdibituak: izan ala besteek diotena izan. Belarra da munduaren adatsa, hanka depilatuen neurriko autobideak, uka bideak, oka bideak.

aortaet neraztoireh aortaet neranusatnidrog aortaet akiteop nerakitilop aortaet aortaet Belarri itsuetan hitz jendetsuak. Bizi naiz eskuetan. Umorearen gorotza arnasten dut ironiaren erbestean, marra bete lerro, lerro bete hortz, atzazal hotz, asunen isun. Erein ditut uztaiak eta jaio dira zinikoak. Pailazoaren tolesak, funtzionarioaren oporrak, boto paper bizardunak, estatistika hankamotzak, haur ikusezinak, munduko jakintsurik tontoenak, txokolatezko zauriak, jostailuzko tortura gelak.

Etorkin naiz segundoak bezain eta aditzak manifestuetan nola diot: Erein ditut hitzak eta jaio dira oihartzunak. Bizi naiz alu eta zakiletan. Ahoen basamortuan isiltzeko mintzo naiz. Ezin dut neure burua zeharkatu egarria sentitu gabe. Erein Erein Erein Erein ditut ditut ditut ditut balak eta jaio dira demokratak. leloak eta jaio dira koltxoiak. zalantzak eta jaio dira txostenak. epaiak eta jaio dira epaileak.

aztluari nugazed nige ebag nase ironi Bizi naiz besoetan. Gorputzak zuhaitzak farolak eta semaforoak hazten zaizkit galtzarbean. Bizi naiz begietan.

Adinaren geltokietan suizidatu zait normaltasuna. Ekintza baten moduan ulertu dut ortzadar laukien laztana. Bizi naiz oihuetan. anusatnidrebze arog! auxes ate katekork! Hildakoen ispiluek ahaztu dutena naiz. Bizi naiz orroetan. kalakidarre arog! kaetnarelotni areheb! Erein Erein Erein Erein Erein ditut ditut ditut ditut ditut isiluneak eta jaio dira gehiengoak. argazkiak eta jaio dira izenak. itsusiak eta jaio dira gogoak. ukabilak eta jaio dira ferekak. lubakiak eta jaio dira gorputzak.

ILDOAK

MANIKIA
silduko zara. Itxaron pixka bat esango diozu zalantzari. Aditzen abangoardia sortzen jardungo duzu egunen bazterrean. Bizitza ordutegietatik at hasten dela pentsatuko duzu inori esan gabe. Idealak eta utopiak saihestuko dituzu, borrokatzen jarraitzeko zentzuzko berba errealen bila. Babestuko zara. Une hobeen zain aldenduko zara iritzietatik, maitasuna zabalduko duzu ahapeka maitaldi lausoetan. Ametsei izena aldatuko diezu, onarpenaren zentsura pasa dezaten. Zeure buruarekin haserretuko zara ondoren,

badakizulako funtsean ez dagoela hutsuneentzat ihesbiderik. Kafe bat hartuko duzu, zigarro bat piztu eta esan beharrekoak tentuz aukeratuko dituzu. Bizirik zaudelako behar duzu ez zarena, bizirik zaudelako zenbatuko dituzu eguneko titularrak etsipena baino zabalagoa den fereka baten ertzean.

GORPUTZ HONETAN

gorputz honetan daude


noizbait izandako gorputz guztiak eta izango direnak eta baita izango ez direnak ere guztiak ilunean ortozik esanetan kamuts eskuetan trakets gomuta baten karelean gorpuzturik poema honetan daude noizbait esandako hitz guztiak eta esango direnak eta baita esango ez direnak ere

NI ISILTZEKO

Esaiozu
gurutzegrama bat naizela zulo txuriekin osatzen dela nire azal gurutziltzatua Esaiozu paperezko letra bat eztarrian trabeska dudala esnatzen naizela eguerdiro Esaiozu ez zuela soluzioekin poema bat egin behar ni isiltzeko

BEGIAK POLTSIKOETAN

oinutsik dator egunen sasoia


hotzak bizkarrezurra bihurritu dit esaldi baten mugaraino zigarroetan erraustu ditut minutuak amorruak erkatuz norabiderik gabe abiatu naiz eta azkenean atertu zaizkit orkatilak behingoagatik nire irrikaz den bankua topatu dut denbora saihestuz heldu diot galderen uhara kutsatuari kalean liburutik begirada altxatzen dudan unearen indarrarekin ikusi ditut ahanzturaren historian mozkorrek aske utzitako mamuak grina mutuen errekan ito beharrean

ezin ditut begiak poltsikoetan gorde beranduegi da ezaxolarako bart gauean ortzimuga urratzeko erabilitako atzazalak moztu eta uso zuriei eman dizkiet jateko

BELARRAREN HISTORIA

Ez dakit non hasi


eta non amaitzen diren ezjakintasunaren mapak. Urteen lokatzaz zipriztindurik dago nire itzala, memoria baino zabalagoa da iragana. Arrotzak zaizkit belarraren berbak, ezezaguna haren mundu ikuskera, hizkuntza berean mintzo naizen arren. Historiak letra larriz irentsi duen historiaren segida da nirea: kaleetako zuhaitz bazterretan ernatu den etorkina naiz.

GIZONA EZ DA TXORIA

sustraiak ditut zainen ordez


nire begietan kimuak bilatzen dituenak zuhaitz bat aurkituko du nire begietan leihoak bilatzen dituenak zuhaitzaren adarrek sostengatzen duten zerua aurkituko du sustraiak ditut zainen ordez gizakien malkoak edaten dituzten txorien zain eman dut bizitza oroitzapenak nahieran astintzen dituzten hegaldi isilak anonimoak sustraiak ditut zainen ordez zuhaitzen sustraiek hirietako espaloiak zartatzen jarraitzen dute

LORONTZIAK ETA HAIZEA

Lorontzietan landatzen ditut sabelak


gosez ditudalako gabeziak. Balkoian kolore irekien uholdea aldarrikatzen du geroak, egun hautsi batek nola. Buru baten tamainako ontzietan jaioko zaizkit kondoi erabiliak, arma herdoilduak, mendeku ekologikoak, body milk poteak, begi zuloak nabarmentzeko pintura beltzak, askatasuna akabatu duten definizioak, aurreiritzi elbarriak, inora ez doazen bideak, aurpegi batera datozenak. like a bird on the w ire like a drunk in a midnight choir I have tried in my way to be free Loreei musika jartzen zaie haz daitezen,

espaloietako geometriara jausten da euria, bizilagunei hots egiten diet: Birika!!! eta ez dute ezer ulertzen, oihu egitean datzalako gakoa. Haziko zaizkit borrokarako estrategiak, udako kanta mutuak, ileorde urdinak, izerdi ezkutuak, ortzimuga errariak, gorbatadun burusoilen gainean pixa egiteko gogoa. Bizitza amu bat da Birika!!! eta ez dago haize egunetan lorontzien eztanda geldi dezakeen aterkirik.

AKUILUAK

batzuetan belaunak uzkurtzen zaizkit


euritan biltzen haginak batzuetan zalantzak leporatzen dizkit isiltasunak akuiluak asmatu sortu pentsatu irudikatu nahi nituzke orduan akuiluak dira leporik aurkitzen ez duten masailak ideia hautsiak umore tristeak akuiluak dira aldarrikapen ezinduak manifestu otzanak izen abizen etzanak akuiluak lotsaren bidean abandonatutako argazkiak mozkortiaren gezurrak politikoaren egiak

akuiluak espaloiei neurria hartzeko akuiluak ziurtasunak zartatzeko akuiluak maitasunik sendoenak zauritu eta maitale lehertuak zelatatzeko akuiluekin jakin nezake non biltzen diren isilpeko gatazkak non jaio diren garaipenak ordezkatu nahi dituzten lore akastunak akuiluak behar ditut minutuek oka egin ez dezaten akuiluak behar ditut sinesmenak gaitzetsi eta betileen ertzean konfiantza gailendu dadin akuiluak zaborrarekin musikarik ederrena egiteko irribarre metafisiko batekin ile galduak behinola existitu zirela oroitzeko akuiluak xumeki eta militanteki zoriontsu izaten ausartzeko

BETIKO TABERNAN
rreala naiz astearteetan familia hitzarekin kezkatu ordez kultura eta politikaren mixeriak lagunekin komentatu ordez diruaren itzala eskuotara luzatu sexu ahalik gabeko zaratak antzeztu eta abuztukoak ez diren behakoen hustasuna laztandu ordez betiko tabernan eseri eta poemak idazten saiatzen naizenean

LERRO HAUEK

Ez dut gogoko maitasuna hitza


ez askatasuna ez ametsa. Kontraesanean bizi naiz, esanahien kontrako iraultza dutelako xede lerro hauek. Hitzon hezurdura berreskuratu nahi nuke egunerokotasunetik, xume, zintzoki esateko: maite ditudan pertsonak tristeziatik askatzea dut amets.

HAZIA

FEREKAK
zin dut eskuekin pentsatu burua lepo bihotza dut hankartean belarriek ikusten dutenaz mintzo zait ukondoa ez dakit ze gorputz ataletan gorde ditudan ferekak

HAUR HAUTSIAK
badakit, hala ere, nola maitatzen den txikitan irakatsi zidaten / ikasi nuen (eta ikasten jarraitzen dut noizean behin ahazten dudan arren) JON GEREDIAGA

aur hautsi bat utzi dut gaur zure haur hautsiari so dortokak paratuz mikrofonoen aurrean zalantzei ozen esateko: begietan pausatutako denbora da nire utopia atzo zaren biharko hura maitatu nahi nuke bere orrazkera ezberdinekin bere ile txuri eta malko sozialistekin hustasunari beldurrik ez dion arnasak bezala bide bat egin dugu jada elkarrekin eta mingarria da bidea eta iraultza bezain pozgarria da bidea geurea delako

nire amorruak zahartu duen hura zara nire alaitasunak zedarritzen duen algara eroak zaintzen zaitu zure oskola zartatuko dudan beldurrez gure aurrekoek ezin zuten imajinatu belarraren ertzetik paperezko ezintasunaren maileguetatik gaur garen batasun hautsia gaur garen ur-jauzi isildua gure etxeko ispiluak desioen gudarostea gorde du kristalezko memorian dortokaren burua bezain hauskor irabazi dugun galeraren biografia da aho baten dardararekin batzen gaituen aldarrikapena

ISILDU NAHI DUDAN GUZTIA

beldurra diot
lehen aldiz biluzteari ideien adoretik haratago ahoari hitza emateari arropekin batera esanahiak eranzteari ahots bat inprima nezake azalean fereka arrotz bakoitzak isildu nahi dudan guztia entzun dezan

ZIGARRO BAT

zigarro batekin hasi zen dena


zigarro batean sartzen zen itxaropena badakizu... zalantza bakardadea hodei goxoa... zigarro batekin hasi zen erlojua amaitzen deneko sentipena sen hori zigarro batekin hasi zen... badakizu... sua eman eta astearteak ederrak direla hasia nintzen pentsatzen ez doazelako inora txinpartek gutxi irauten dute baina zera... zigarro harekin hasi zen dena

badakizu... norbait gerturatu eta zu itzalita zaude zigarroak ez du deus esaten baina badakizu... zigarro batekin hasi zen inora ez doan keinu batekin eta... urrun dago beti kea desioak estaltzen ditu zera esanez bezala... baina zigarro bakarra aski ez eta hormekin hitz egiten duzu ezer esan gabe eta tira... asteazkenero uzten diot erretzeari sua itzali orduko

MAITASUN POEMA ARRARO BAT

Ezpainetan hasten den biloa.


Zurea eta ni. Hor nonbait. Eromenari heltzen badiogu ez da ero gaudelako, premia dugulako baizik. Urdina arnastu nahi dugu hortzekin. Gogorragoa da asmatu dugun patua. Zer eta. Minutu bat ikusi dugu lur hartzen eta ez diogu zirrikiturik utzi. Kandela batek neurtzen du gure gorputzen denbora.

BILUZTASUNA

zure biluztasuna
erreala da zure biluztasunera esnatzen naiz nirea erantzirik zure biluztasunarekin estaltzen dut nirea

SORO BAT GIBELEAN

biluztu zaitez lauhogei-zortzi sabela puztu zaizu eta ez zaude astelehenaosteguna-asteazkena badira zenbatu ezin diren gauzak eta tantakoihuak-ileak biluztu zaitez soro baten gibelean erein zaitez autolaguntza liburu baten pare hazteko-galtzeko-aberasteko usain ezazu zure izerdiaren uhara eta hamabosthogei-bat-hamar-hogeita hamaika biluztu zaitez eta ikus ezazu nola puztu zaizun sabela nola ez zauden haurdun ez zauden abendua-otsailaekaina ez zauden gose eta abuztuan agian bai eta

ez zauden hilik zortzi-lau bizirik baizik biluztu zaitez ilearen zama erloju batean sartzen den urtaroetan lau-sei-inoiz-beti erein zaitez usain berritsu bat nola udaberria-negua biluztu zaitez niri so arren bost-sei erantzi iezazkidazu beldurrak-lepoak eta inurriak ahotik gaur-bihar-etzi biluztu zaitez eta arnastuko zaitut inoiz-gaur-bostlauabendua-oihuak-ileak-abuztua sabela puztu zaizu eta larrean ikusten da iragana seidiot-gaur-beti hustu malkoak astelehena-lau-bi-gaur biluztu zaitez eta maita nazazu ispiluek nola ahoek eguraldia nola bost-hogei-bihar erein itzazu kezkak zalantzak-berriak-oihu zaharrak usain ezazu haien kea bost-gaur-bihar

biluztu zaitez hamaika biluztu zaitez badirelako zenbatu ezin diren gauzak eta orbelak-harriak-hordiak biluztu zaitez uztaila biluztu zaitez badirelako zenbatu daitezkeen gauzak eta lagunak-grebak-goseak

UNE AKRILIKOA
utsik dagoen zuhaitz baten isla memoriaren leihoan Ke seinaleak egin ditut ikus nazazun eta birikak kutsatu zaizkit Zure beroaren babesean nago denborak iraun artean hotzak ahantz nazan Ospitaleko gela bat dirudi denborak Landare haragijale bat daukat gaur ezpainetan Ortzadarra haginekin zauritu eta euria beranduago has litekeela sinetsi dut iraultzarik gabeko igande arratsetan

ZATOZ
ekatuta zaudenean gorroto duzu mundua pisutsua zaizu eta mundu horren parte suertatzen naiz ni ere ezinbestean Nekatuta zaudenean masailak gorritzen zaizkizu eta ez dira iraultza gosez Nekatuta zaudenean ez dago zure begiak esaldi baten parean itxiko ez dituen istoriorik Nekatuta zaudenean zure besoetan desagertzen naiz bekainek ez dute atsedenik hartzen nagituta esnatzen zara nire besoetan Asko dago egiteko ideien bizitza gaizki doa eta zu lanean nekatu egiten zara

Nekatuta zaudenean egunak motzagoak dira zure hatzak koloreen bila luzatzen direlako nirea ez den zeruaren azalean Etxera iritsi eta nekatuta zaudelako esan nahi nizuke zerbait goxoa belarrira zurekin nagoela eta eskua bizkarrean pausatuz zure iritziekin bat egiten dudala aitortu sutsu hitzetan gorputzean Nekatuta zaudenean oihu egin nahiko nizuke kontuz nekatuko zara nekatuta egoteaz Edo nekatuko naiz ni nork daki nekearen nekez begiak ixten dituzunean ikusezin bilakatzen bainauzu Baina gaur ez da bihar

Zatoz Negar egingo dugu elkarrekin Atseden emango diogu nekeari

APURTUKO DA

zure sekretuen
jabe zarelako diot astelehenetik igandera gauero maite zaitudala hitz horiek erabili gabe zure sekretuen jabe izatea lortzen dudan egunean zer edo zer apurtuko da gure artean baina hori gure sekretua izango da

NOREKIN?
orena ote hondarraren muga etzanean azaltzen den azala norentzat hitz baten bazterrean hazi den hazia non oroimenean uzkurturik laztu den laztana noizkoa ote da oihartzunik gabeko behakoaren sumendi behekoa

GOROTZA

ALOKAIRUZKO BIZITZAK
egua heldu zen. Ez nintzen jabetu. Aterpea erosi nuen. Jabetu gabe. Neure burua saltzen dudanean bezala. Jabetzeko gaitasunik izan gabe.

GOROTZA

burumakur
antzarak gurpilak orduak zainetan idealismo ustelak iraungitze datarik gabeko isurketa hautsiak non daude orain galderak non erantzunak ez sinesteko trabak burmuina zabaldu zait iritzi artikulu bat bezala ongi etorria emango diot gorotzari iraganaren usainak ezerezetik hondakinetatik une berriak sor ditzan

orpoak sabel hortzak amu aburumakur bihotza! ez dakit zer datorren subentzio publikorik gabeko utopien ostean garai berriak baino iragan berriak agian

MAPA BAT
itzek ez dute balio zure samina neurtzeko eta hala ere odolaren bazterrean idatziko duzu torturaren itxaron gelan zaudela gogoa akiturik bizitzatik egotzia izerdi putzu batean ito beharrean idatziko duzu hortzei falta zaien zentzua topatu nahian bidea egingo duzu oroitzapenak belaunetatik ezabatuz paperean jasotako mundua kutxa txikietan ehortziz ihesaldian

historiak oroitzen ez dituen istorioak bilduko dituzu gizatasunaren hatsari nolabait bada ere eutsi nahian bizkar baten bero ahantzia denborarentzat izozteko asmoz mapa bat osatuko duzu gero noizbait norbaitek kutxa txikiak jaso eta itzulerako bidea egiteko aukera izan dezan zuk ordurako zure liburuen moduan egina izango duzu lurperako bidaia

idazlea zinen gerra baino lehen gosea baino lehen isiltasuna baino lehen eta ez du inork jakingo eta ez du inork mapa erabiltzerik izango

BOSNIAKO HAUR JOLASA

bala hautsi batean sartzen da


nire bizitza zenbaki batean galdu da nire izena begiak itxi ditut heriotza ez ikusteko begiak itxi ditut heriotzak ikusi banindu bezala begiak itxi ditut heriotzak ikus ez nazan

DESAGERTUEN AMAK

heriotza ikusi duten zuen begien aurrean paratzen


dut nire gaztetasun zauritua besarkada kutsatu batekin aitortuko dizuet kea utopia eta mundua bezalako gezurrekin batera irribarre zintzoak ehunduko ditut hala ere ehunka irribarre zakila ebakirik sabela irekirik galdu duzuen semearen edo alabaren adin bera izan nezake neguko gau honetan beldurtzeko gaitasun bera kontakizun maitekorren sutondoan eta ez naiz baina banaiz zuen ahotsa entzuteko nor ametsen aitzakian sor litekeen krudeltasuna zor

zama dut asun labana galeren oihartzun nire bihotzari erreparatu diot eta bai taupada bat izoztu ere zuen seme-alaben oroimenez hilik nago istant batez eta ez naiz eta ez dut izan nahi ere mendeen ile jasoa zuritzen duen segundoaren neurria banoa zuen oroimena neurearekin kolpatuz izenak mutu dituzten hobietako zenbakiak bortizki hautatuz banoa nire eguneroko borroka ezin ezdeusagoetara bizirik egoteko konpromiso sendoarekin

EZTANDA
ertsona baten alboan eztanda egin du munduak eskuak zabaldu ditut pusketetan eta niretzat gorde dut masailezurra Egiakeriak belarriak usteltzen dizkidan garaiotan adiskidetasunaz mintzatuko naiz ideologia bat balitz bezala Erraiak landatuko ditut fideltasunaren baratzean Ideiak haziko dira aurretik egindako bideari kale egin gabe ideien edukia goratuz ideien jabeei kasu egitea baztertuz Pertsona baten alboan eztanda egin du gezurrezko patuaren nekeak Diodana naizelako isilduko naiz oihuetan

AURPEGIAK

Aurpegi ebatzi batek bonbardatu du iragana.


Zarratu behar dira leihoak, prezintatu hormak, usteltzeraino hustu hiztegiak; eztandarazi inprimategiak behinolako zubien moduan, garapenaren trenak zapal ditzan oin hotsak. Aurpegiak estali ditu zarataz betetako isiltasunak. Eskuburdina hotzen tintarekin albiste bat marraztu dute mintzo denaren eskuan. Aurpegi zedarritu batek zartatu du oraina. Ehortzi behar dira gutunak, irakatsi itsutasuna, lurperatu besarkadak; ez daitezela izan maitasunera lotzen zaituzten kateak. Ezabatu aurpegiak seme-alaben marrazkietatik.

Erauzi denak oroimenetik. Ekarri argazkietara kaskoen berdintasun demokratikoa. Baztertu kokotsa, masaila, pertsona. Erosi Justiziaren malkoak saminaren odolarekin. Eta bakea ostentzean zenbatu berriz aurpegiak. Aurpegiek ez diote, baina badira.

GAZA

gerra bat gehiago


izenik gabeko 1.440 gorputz gutxiago titular bat gehiago gorputzik gabeko 1.440 izen gutxiago eztarrian

HABIAK EGIN DITUZTE HOBIETAN


Historia ahazteko egina dago, erantzun ohi diet. Edertasunak salbatzen ditu istorio txikiak. Zulo bat uretan IIGO ARANBARRI

abiak egin dituzte hobietan lur azpian jaio dira loreak hezurrak eta gezurrak ideia batek zulatutako bala herdoilduak memoriaren habiak edo ahanzturaren hobiak ezin jakin zeintzuk diren hobeak ezjakinak dira galderak simaurra legez lekukotzek etorkizun den edertasunaren hazia

ereiten laguntzen dute hobe beharrez habiak egin dituzte hobietan malko hautsien gudaroste batek zabaltzen ditu lur azaleko zain irekiak su jauzien hego pintatuak ezpainez mintzo diren ezpainak habiak egin dituzte hobietan abiatu daitezen arratsean lorik gabeko loreak

BRIGADISTA

telefonoak urrunera jaurti ditu bonbak


lekuz kanpo dagoen anabasak hatz urratuekin zenbatu ditu betazalak galdu dituzten gorpuak bere ahotsa jaso dugunean negarretan hasi zaigu odola poesia ari du hemen baina ezin diogu esan bizitza oroitzapen baten bazterrean hazten da azken egunera arte iraun eta gero tankeen ertzetik egin du ihes zertarako jakin gabe basamortuko hotza eztarritik kendu ezinik bonbardaketek gezurra astindu duten bitartean gauero hunkiturik bildu naiz hautsak ozpindu dit arnasa burmuinaren uhinetan

isilpean gorde dut berarekin han egoteko gogoa ezusteko inbidia arraroa: beldurra diot ausardiari baina ments dut koherentziaren pozoia itzuliko da inoiz ekialdeko hiri erraustuetan itzala hilzorian utzirik mendebaldeko autopistetan auto-gezurren zama sentitzeko kemenez teatroa ari duelako egiaren ostarteetan

EROEN ERROAK
z dakit zirrikituak diren ala ildoak arrakalak ala orbainak mundua korapilatu zait eztarrian uholdeka bildu ditut orainean zimurrak zabaldu da biluztasuna musikari gorren ametsetan sustrairik gabe jaio naizelako hesitu ditut erroak injustiziaren ahots urratuan harridura ikurrak diren lerro zuzenak jaurti orduko lurrera mundua korapilatu zait eztarrian ozenki arnastu ditut bekainak biolin hautsiak eta erle ezjakinak

munduko eskaleak etzan zaizkit egunen kanposantuan lur hau nirea da oihukatuz ardo merkearen truke barre egin dut mundua korapilatu zait eztarrian etorkina ninteke injustiziaren mapan une bat probestuz muga zedarritu bakoitzeko arrotza ninteke belarri erraldoi baten aurrean hiztegi eguneratu bat prentsa ohar bakoitzeko belarra zenbatuz erantzi ditut malkoak eztarria korapilatu dut munduan

AFRIKA ISPILUEGI
Cassamanceko adiskideei

batzuetan ezin dut jasan


igande arratsaldeak argazki oin ezeroso batekin asaldatzen dituzten begirada ispiluegiak aitortzea nori eta kafesneari zigarroari izan banaizen liburu auto etxe asperdura une guztiei batzuetan ezin dut jasan abuztu edo

igande bezalako hitzen jabe izatea erabiltzeko edo ez erabiltzeko jabe batzuetan ezin dut jasan ez dakidan guztia ezagutzen ez ditudan izenak saminak eta oihuak ez ikusteko dudan eskubidea begiak zabalduta ere begiak itxita bizitzeko dudan askatasuna

THE OTHERS

zuen legeekin
zulatu dituzue gure oroitzapen ederrenak zuen abiadura handiko negozioekin akabatu duzue adinaren geltokietako itxaropena zuen sistemarekin ostu dizkiguzue komunikatzeko bideak zuen justiziarekin bahitu dituzue bozkarioa bozkatzeko ateak zuek duzue zuek zarete zuek

eta guk aukeratu omen zaituztegu babes ofizialeko bizitza baten truke

CARA AL SOL

Eguzkia hartuko dugu elkarrekin


Espainiako hegoaldean. Gustukoa dugu biok turismoaren zakil eroriari eta hipokrisia burgesaren alu bustiari erreparatzea, elkarri eskutik helduta kate arrotzen itzalean. Lisboaren antzeko hiri zaharkitu eta orbanduetan maite dugun Pessoa baten izena jarriko diogu kale bakoitzari. Gu bai inperialistak! Gure gorputzen erkidego sutsua aldarrikatuko dugu ondoren

ortozik aurkitzen ahal dugun ohe merkeenean, non eta Pension Espaa deritzon horretan. Gure xedeak burujabeak dira egunotan, etorkin eta sekretupean bada ere. Eguzkia hartuko dugu elkarrekin Espainiako hegoaldean eta eguzkia hartu ostean gauari itzuliko diogu.

EZ DA METAFORA BAT

neure burua suntsitzeko gaitasuna dudan bitartean


salbu nago eta alokairua ez da metafora bat une batean harrapaturik bizi naizelako naiz maitatzeko gai eta autoaren asegurua ez da metafora bat aurpegi bat marrazten dut goizero ispiluan eta zortzi orduko lan-eguna ez da metafora bat gorputz atalak laztantzen ditut urrats bakoitzean eta babes ofizialeko bizitza ez da metafora bat denbora pasa ahala ideiak ereiteko erabiltzen dut gorotza eta gorputzen arteko isiltasuna ez da metafora bat itxaropena ideologia ahul bat da eta norbere familia babestea ez da metafora bat basatiki eraikitzen dituzte errepideak nire zainetan eta soldata finkoa ez da metafora bat

besarkada bakoitza zintzotasunaren aldeko ekintza bat da eta ezkontza ez da metafora bat orri zurian zirriborratzen ditut mundu hobeak eta poesia ez da metafora bat

ESKUAK

ERREKA MEHARRA
Miserys the River of the World Everybody Row! Everybody Row! TOM WAITS

iburu bat gorputz atalez erdituko da itsasoan koloreen anabasa biluziak zahartzaroa aitortuko dit min ematen duen edertasunarekin ene zauriek ezin dute hatz baten musika jasan begi bat ezabatua duen aurpegia ikusi dut oihu bat zeharkatzen ahotsa desio duen doinua kapela iluna duen agureak airea bihurritzen du eskuekin denbora leundu nahiko balu bezala niri so keinu lizun bat egin diot koadro batean sartu eta

oinez hasi naiz koloreetan barrena desioa itsutu arte bularrak bete dizkio isiltasunak arnasa aldarrikatzen duen neska gazteari etzan naiz haren alboan magalean bilduta duen harrizko jarioa itzal baten ilearekin eten nahian irten naiz koadrotik agure zatarrak bizitzaren aukerak nabarmentzen jarraitzen du botila hautsi batekin hatzak zabaldu ditut mihisean haztamuka

GAU HAU

oihu egitea ahaztu


ez dutenentzat da gaua eztarriak apaindutako soinu itogarri baten jabe direnentzat arriskatze xumeei bostekoa eman eta hortzik gabeko aurpegi betean bizi direnentzat

ESKULTOREA
gurrak kateaturik izerdiak eta ezpalak urkaturik altxatzen da goizero zut harrizko lotsa egunkariaz estaltzen eskumuturrak lohi zuri-beltzezko bendajeak behakoan hauskor ebakiek mintzo dute bidea hatzak zenbatuz zizelkatzen du arduraren lehia oro hariak oztopaturik zalantzak eta denborak gorputzak asmatzen ditu erreka gorantz isurietan

aurpegia mututzen duen ispilu aurpegia eraldatzen duen aitortza lehor eskuek zabaltzen duten forma oro doa hitz itsu baten ertzera

GONBIDATUA
zkur bildu zara sorbaldetan etsipena idealizatuz. Zure buruaren irudia sortu duzu gure sudurren aurrean. Hotza lo dago eta ez du zure beroaren berri. Utopiaren oihartzuna eguneratu behar dela jakin dut tupustean eta eguna hazi zait orpoetan saltorik eman gabe.

ARGI BELTZ

lore hau ez duzu mapetan aurkituko


hamaika herri belarrietan iltzaturik doinuak aho bukaerak oin hots eten bat ahotsean isiluneen amildegi otzana balizko munduak esku ahurrean mundu beltzak mundu berdeak lore hau ez duzu mapetan aurkituko lur azpiko edertasuna azaleraturik igurtzi ilun bat nola

lore hau eskuen dardara gaurkotzeko eztanda une argi beltz bihotz bero hau ez duzu mapetan aurkituko

JOSE PEREA PINTOREAREKIN BART GAUEAN


ortzak hartu zituen esku artean eta zigarro mutu bat eskaini zidan. Ez zuen sormenari buruzko bere jakituria itzela doan banatuko. Lehen garagardoa bai ordea, nire ibileren berri izatearen truke. Ez zegoen ihesbiderik eta ez nuen ihes egin nahi. Gure idazleen aipuak erabili gabe, odolustu gabe ekin genion

sormenaz hitz egiteari, edo, garagardo aparretan, irribarre maltzur batez uneak sortzeari.

VHSan
Pailazoari sudurra lehertu zaio (eta ez da gidoiaren parte bat).

Bideokamera martxan jarri zuten


Josek eta La Jauriako taldekideek: Zergatik uztartu poesia eta antzerkia? Noiztik? Nola? Baduzue tabakorik? Hamar urteren buruan berriro grabatuko zutela esan ziguten, esperimentu bat zela, sormenaren arloan diharduen jendearekin denbora pasa ahala gertatzen dena aztertzeko. Gau hartan laukiak ziren pailazoaren gurpilak. soberan eta plist jira ta jira plof rasta rasta jo libililibili pu ja

Sevillako gune okupatuan Josek poema bat irakurri zuen euskaraz, deus ulertu gabe, karkaila malkotan, gure ahoan sakondu nahirik. Kristal hautsiek gomutak ebaki dizkiote pailazoaren aurpegi zuriari. aiene ta plist rasta rasta pu libililibili plof jira ta jira jo ja Hamabi urte pasa dira eta Jose ez da hitzordura azaldu, bere lagunek ez dakite haren ideiak non lurperatu. Bien bitartean utopiari lelo berriak asmatu behar izan dizkiogu, gaur egun zenbait hitz ispilu zurbilegiak direlako. Horregatik diogu

egunarekin batera karrikara jausten diren ahots erdibituak garela, mundua aldatu ezinean gaudenean metro koadro bat behintzat irauli gura dugula eta une bakoitza manifestu labur bat izan daitekeela: gora bekatua! Autoak errepidearen kontra egin duenean pailazoak ez du jakin zer egin txaloekin. iaia plist plof rasta rasta ja libililibili tras jira ta jira pu heinekeen ra! jo Hamabi urte pasa dira eta ez zara hitzordura azaldu, orduko lagunok ez dakigu zure ideiak non lurperatu. Poema hau bidaliko dizut ez zauden lekuetara, VHSan.

BELAR TXARRAK
gia da zoriontsuak dira itsusiak beren ipurdi iletsuekin pikor eta fantasia lizunekin egia da gehiengoa dira arraroak gizartea aldatzeari buruzko eztabaida klandestinoak egiten dituzte super-hiper-mega-makroen ilaretan errenta aitorpeneko aulkietan turismo bulegoen itzalean egia da iraultzaileak dira apatikoak berdintasuna praktikatzen dute etxeko lanetan sexu aukerak zertan diren azaltzen diete seme-alabei diru beltzarekin finantzatzen dituzte kale bazterreko txorimalo eta artistak diru zuriarekin finantzatzen dituzte etorkinen oporrak eta ordainsariak

egia da gezurtiak dira mozkorrak uneak legalizatzen dituzte musu-truk kontratu finkoak sinatzen dituzte zoroekin tabernetan eta belarrietan oka egiteko itsusiak zoriontsuak arraroak gehiengoak apatikoak iraultzaileak mozkorrak gezurtiak gora bixotzak! esan du inork gora taupada egiten dutenean! ederra baita egiak sinestea ez da egia?

BAKARRIZKETA

Zirrara sortzen dit ikusezina den guztiak.


Kilker bat jarri nahi nuke inoren ahotsean esanahi bakoitzaren soinua dastatzeko. Megafono bat sartu nahi nuke politikari profesionalen eztarrian handik oihu egiteko: ez zara nire jainkoa! loreekin batera usteltzen diren manifestuetan sinesten dut! Zirrara sortzen dit ikusezina den guztiak: une honetan bertan lo dauden haurren amesgaiztoek, une honetan larrutan ari direnen begirada galduek, une honetan torturatuak direnen bakardadeak, une honetan erbestean daudenen itxaropenak, une honetan banketxean ezkondu direnen pozak, une honetan idazten ari direnen zalantzak,

une honetan mendiak suntsitzen dituztenen lasaitasunak, une honetan hiltzear denari denbora oparitzen dionaren galerak, une honetan umorea aldarrikatzen dutenen urduritasunak, une honetan kalean eskutik helduta doazenen samurtasunak. Hau ez da graffiti bat. Ezagutzen ez dudan paisaia bat sartzen ari zait ahotsean. Ahotsa hustu ahal izateko idazten dut. Baina hau ez da graffiti bat. Zomorro bat naizela pentsatuko du norbaitek. Eta horixe bera naiz: bizarrean hazkura sortu gura duen zomorroa. Depresioak baino ezin nau akabatu. Psikologoak, psikiatrak, teledendako homeopatak eta kultura funtzionarioak arduratu ohi dira bitxoen zoriontasuna akabatzeaz. Baina zeinen zomorro bitxiak diren zomorroak ez direnak!

Hau ez da graffiti bat. Hau graffiti baten ametsa da.

ANHAUZEN
Ipar Euskal Herrian teatroa amesten dutenei

zabalduko dira xendrak oinetan


urrats zaurituen izerdia dastatuko du gauak aurrera bisaiak! oihukatuko du jendeak aurrera ezjakinak! irudi bete hots aurrera zalantzak! beldurrak amaraun txaloek errealitatea zaurituko dute: biztanlerik gabeko gauean dena da posible hizkuntza betea barne dantza egin dezagun samina estutuz dantza egin dezagun itxaropena gaurkotuz jauzi baten arimak finkatuko du gaur

urtaroen salneurria jauzi baten arimak estutuko du galeraren bidea txaloek errealitatea zaurituko dute: bihotza ukabilean kabituko da eta taupadak berriz ahoan

INOIZ EGIN DUDAN

Kantu anonimoak utzi ditut


autobuseko eserlekuetan. Irudi biluziak egin ditut dendetako atarietan. Poema zikinak idatzi ditut tabernetako komunetan. Mezu merkeak zabaldu ditut kutxazain automatikoetan. Graffiti bat margotu dizut begien azpian. Merkea. Zikina. Biluzia. Anonimoa. Ezertarako balio ez duena. Inoiz egin dudan ederrena.

DENBORA

NOSTALGIA
z du nostalgia iraganean jazotakoak sortzen orainean bizi ez dugunak baizik

ETA KITO
undua zeharkatuko duzu ostatuz ostatu gelatik atera gabe argazki bat egingo diozu leihotik une horretako bizitza zatiari bilduma osatuko duzu hilzorian denari erakusteko oroimenean zabaltzen zaizkizu arrakalak munduko ostatuetako ur zikinarekin bete orduko mundua zeharkatuko duzu ostatuz ostatu gelatik atera gabe herrialde ezezagun batera iritsi eta taxi edo autobus edo metroko leihotik begiratu gabe egingo duzu oherako bidea gorazde

berlin lhasa montreal oussouye eta quito itzuliko zara minbiziaren berri ez duten kale gaixotuetara ikusezina izango zara zure iragana oroitzen dutenen leihoetan pilula lasaigarri kadukatuak bilduko dituzu patriketan eta denborari irentsaraziko dizkiozu egunerokoa idatzi ostean pertsona maitatuen berri eman ezinik mundua zeharkatuko duzu ostatuz ostatu gelatik atera gabe argazki bat egingo diozu leihotik une horretako bizitza zatiari atzera kontua ezarriko diezu zure hezurrei une jakin batean eztanda egin dezaten

HILDAKO LAGUNEI GUTUNA - 1

hilobiratu zituzten zuekin batera


oroitzapenak ferekak aldarriak hilobiratu zituzten zuekin batera sekretuak dardarak berri onak

EZBAIRIK GABE

denbora
estaturik zarpailena heriotza zigorrak ezbairik gabe betearazten dituena zimur eta arrakalen legearekin ilusioak deuseztatzen dituena denbora konstituziorik gabeko zalantza lurrik gabeko lubakia itzulerari muzin egiten dion kresal amildua

HILDAKO LAGUNEI GUTUNA - 2

elkartuko garela diote


eta egia izango da agian une honetan ez baitago oroimina baino urruntasun handiagorik elkartuko garela diote beste mundu batean agian justuagoa izan dadin borrokatu beharko ez den batean elkartuko garela diote eta arrazoia izango dute elkartuko baikara agian ahanzturan

ORRI ZURIAN
rri zurian heriotza marrazteko eskatu zenidan. Eta nik hitz bat baino ezin izan nuen bertan urkatu.

HILDAKO LAGUNEI GUTUNA - 3


Iragana memorian existitzen da, HILIK! TADEUSZ KANTOR

begira iezadazue
ahanzturatik oroiminetik nire gorputzean denak jarraitzen du berdin ezustean betetzen diren mendekuak dira nire ferekak horma hautsien geografia haragizko gezurra iluntasuna izerditan dago bertan eta nire ahoa ez da etorkizunarekin mintzo

GAU BAT
Cines Principeko lankide ohiei

aho hutsak
laztandu iragan hordiak kalearen gau gibelean zirrara etsiak itxaropenaren zain izan ginena ahazten hasiak gara gu amiltzen urteak zenbatzen ditugu ezpain zati galduen erbestean gau bat

irauten duen erbestea ahotsak odolustu ditugu une berriak giltzapean gorderik hilotz (zoriontsu)

GERTU

batzuetan
denboraren antza du edertasunak besteetan garbitu gabe pilatutako arroparena iragan egunen izerdia gehitzen zaio segundoen hats hordiari batzuetan edertasunaren antza du denborak besteetan gertu dagoen urrunekoarena

HIRIA

amets garaituen biltegian bizi garelarik


sagardoa jarriko dugu freskatzen sexu hautsiaren aparrarekin egarria apurtzeko amets garaituen biltegian bizi garelarik egunen zama aitortuko dugu denboraren jabegoari uko egin ahala topa egin dezagun hazi gozo bete hots denboraldi baterako harreman berriengatik

OIHARTZUNA

zimur batek
jada ahantzia denaren oihartzuna dakar orainaren geltoki abandonatura orbain batek behakoak erdibitzen ditu bero gaur hotz gero

HAMAHIRU URTE BETE BAINO LEHEN


amahiru urte bete baino lehen begiak ixten nituen, indar handiz, egurraren soinua entzutean atetik sartuko zena ez ikusteko, existituko ez balitz bezala egiteko. Baina atea zabaltzen entzun orduko, izuaren plazerak erakarririk, beti begiratzen nuen harantz. Eta atetik sartzen zena beti nintzen ni.

LORE INPERFEKTUAK

BIDAIA

haurtzaroa da
bisita dezakedan lurralde urrunena oin hotsen bazterrean hazten den aukera norabakoa haurtzaroa da oroi dezakedan etorkizun samurrena erraietatik naizenak ments du orduko itxaropena

HELDU OSTEAN

bizitza mingarria delako da denbora gorria


ezusteak errepide baten luzera duelako diote matxinsaltoek grebarako garaia dela jolas aroak adina zamatzen du jausi da zuri-beltzezko telebista mendi zokora egunsentia koloreetan korapilatuz oroitzapen isilduen hatsa tiritekin sendatzean zabaltzen dira bekainak parentesi maiteminduen ohean urteak pasa ahala errazago lerratzen dira malkoak zimurretatik horregatik etsi dio euriak aurpegiak maitasunez estaltzeari etsipena ezabatzea bezalako lehia xumeak ahaztuak dira hogeita hamabost orduko lan astea duten zaurietan

sudurretik jaiotzen dira lur sagarrak eta goseak eta aterkiak erotu zaigu adina azpititulua eskatu dute argazkiek alaitasuna digitala eta tristezia demokratikoa dela dio ezer ez jakiteaz asko dakien batek heldu ostean haur izan nahi nuke baina ez atzoko hura ez bazterrekoa ipuinen esanahia misterio bat zeneko ahur ura

EKAR LITEKE

gaua ekar liteke etxera


pertsiana jaitsi besterik ez dago gaua ekar liteke gelara argia amatatu besterik ez dago gaua ekar liteke gogora begiak bildu besterik ez dago gaua ekar liteke ametsera haurtzaroa oroitu besterik ez dago

PARKEAN
raganak bakartuta kafe kikara baten ertzean burmuin bete lasto itzalekin solasean denbora neguko gau bat da haurrentzako parke hitsean urruntasunetik mintzo da ihesa izterretan gatibu duela jakin gabean adina neguko gaitz bat da haurrentzako parke hutsean hegien sarea oihartzun egun bakoitza orezta bat da nahi eta ezinen geruza idorrean

oroimena neguko gar bat da haurrentzako parke hotzean gorputzari estekaturik hazi diren leherketak oihuak eskukadaka irribarrean arnasa neguko gabezia da haurrentzako parke bakoitzean

ELKARRIZKETA ASIER SARASOLAREN POEMA BATEKIN

Itzuliko ez diren etorkizunak.


Iragana gogoratuz galdu diren gaubeilak. Itzuliko ez diren etorkizunak. Zahartzen ote dira txikiak gineneko ametsak? Itzuliko ez diren etorkizunak. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu? Eten beharra dago berunaren norabidea. Eten beharra dago krudelaren mintzoa. Eten beharra dago. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu? Barre egiten zenuen besorik ez zuelako zabutik erori zen neskatilaz. Edo bizarra kentzeko labana hortzetan sehaska odolez bete zuen umeaz.

Barre egiten zenuen ahotsa galdu arte. Barre egiten zenuen ahotsa galdu arte. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu? Eten beharra dago. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu? Eten beharra dago marra honen norabidea. Eten beharra dago erogaitz honen haizea. Eten beharra dago. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu? Ez edozer konpon dezakeelakoan, baizik eta hilotzek ez dezaten semeen gaineko susmorik zizareen eztarritik edan. Esan zezala lagunen alabak begira, erle bat! Esan zezala. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

Eten beharra dago. Ailetor gozoa elurretan eztia, nire begietan egina balute erlauntza, lerro bakanean abaraska! Eten beharra dago. Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu? Eten beharra dago ahopuntuaren galbidea. Jarraipenik gabeko etenik ezagutu ez eta, doako samina, hiletek aspertuta garesti ordaintzea saiheste aldera. Esan zezala lagunen alabak. Eten beharra dago. Esan zezala lagunen alabak. Begira, erle bat!

KALTE KOLATERALAK

Etxe hartan retrobisoreen antza zuten labanek,


atzetik gerturatzen zen hori ez zetorren inoiz bizkarra emanda, aurpegia eman behar zitzaion beldurrari begietara so egiteko adina adore izanez gero. Umea baino unea zen bera, istant batean ezkutatu eta hantxe bizi zelako, haragizkoak ez ziren munduetan. Inora ez zihoan bidaia maleta baten barruan gorderik zegoen amaren ohe azpian, etxeko itzalak zenbatu gabe irakurri nahi lituzkeen liburuez betea. Denbora astiroago doa argiak azalari ihes egiten dionean. Une bat zen bera: askatasun tanta bat bizitzarik itsasoenean,

izarrak zenbatzeko estrategia, itxarongelarik gabeko esperantza, gizonkeriak kateaturik haziko den gizona. Etxe hartan eguneroko ogia ideologia bat zen, besteekin hitz egitea bizitzeko modu bat, elkartasuna kaleko jendearen oporretatik at zabaltzen zen konstelazio arrotza. Etxe hartan maitasunaren zorroztasunarekin ebakitzen zitzaion lepoa gorrotoari, odolaren abizenak lekuz aldatzeraino. Une bat zen bera: bisaia makillajez apaindu ordez egurra sutara kondenatu gura zuen txinparta.

IHES EGINGO DUZU

Esango dizut noiz


hasten den ubelduren katea: haur garaia zaizu erbeste gozoena, lau hormen arteko airearen berri izan arren zabalagoa delako irudimenaren neurria. Zortzi urterekin zure mundutik ihes egin beharrean zaude, zure jostailu preziatuenak plastikozko poltsa batean sartzeko esan dizute eta gaua leihoaz bestaldean hazten dela ulertu duzu bat-batean. Une horretan hasiko zara ahaztu nahi duzun hura guztia oroitzen. Esku txikiak ikus ditzakezu oraindik zure esku handi zartatuen barruan, ez dakizu ziur zu zeu hazi zaren edo joanaren pisuak txikitu ote dituen helduak. Bada une bat zeinean ihes egingo duzun loturetatik,

ihes egingo duzun denboran atzera, ihes egingo duzun utzi zenuen lekutik utzi zenuen lekura.

LORE

hegoak suizidatu zaizkizu


lore udaberria lotu zaizu ahurretan sustrai ttipiak dituzu lore basamortuaren neurria du zure heriotzak amets baten ertzean topatu zaitut lore pospolo baten grinarekin bete duzu iragana jaioko zara itsasoan lore egun bakoitzaren hatsa biderkatuz ez-bai zara

BALANTZAKA

Beldurrez
so egingo dio ortzadarrari ordutegien babesean Besoekin estutuko du gorputzen dardara loaren arnasan abiatzean Kantu isil bat bezain arrotz sentituko du ahotsa izen baten bazterrean marrazterakoan Igeri egingo du malko baten oroimenean azalaren pizgarriak bereiziz lanean erabilitako arropa izerdituetatik Tabakoaren usaina uxatzeko zabalduko ditu leihoak Gauari

galdetuko dio zertan den gaur mundua Erlojuak zorabiatzen du Irudimenak kamamilazko izua dakar Kaleari erreparatu dio Iluntzean ez dago auzoan aparkatzerik Udazken hasi berriak lehenago ostentzen ditu behakoak Eta berak afalostean ilea laztantzen dio ihintzaren nekeari eguna luzatzeko

ESKUEKIN OROITU

zimurtuko dira
gaurko tatuajeak biharko agurearen bizkarrean horregatik nahi dut eskuekin oroitu zure azalak orain esaten duena

GOLDE LURRA

leer la Biblia del revs envidiar a un panadero fumar dormir eructar en una gala benfica hacer teatro no hacer teatro mirar al escote de las embarazadas llorar con una pelcula horrible trabajar or las sirenas y cerrar los ojos Breve historia de los conquistadores OSCAR MANSO

Begira iezadazue.
Zirriborro baten antza dut. Marra zaharkituarena. Ohartzeke asetzen den egarriarena. Zer naiz? Kolorerik gabeko marrazki bat haurtzaindegiko horma zikinean.

Mundua ulertzearren pinturak jaten dituen lau urteko umea, bost urtekoa, sei urtekoa. Usain nazazue. Txikia nintzelarik hamahiru urte betetzean jendea erotu egiten zela uste nuen. Hamar. Bederatzi. Zortzi. Zazpi. Sei. Jolas garaia atzera kontu bat zen. Bost. Lau. Hiru. Bi. Har. Noraino luzatzen utz diezaioket atzazal bati? Uki nazazue. Zartaturik nago, orbainak ditut zakil muturrean, zauri irekiak hortzetan, eta guztiarekin ere dutxan neure burua kantatzera derrigortzen dut pozik eta gaizki gehienetan. Asperdura da errendiziorik zailena. Zenbat aldiz egin du txortan nire belarriak?

Tristezia homologatuaren kontra borrokatzen naizela pentsatu nahi dut, zentzurik gabeko galderak eginez, bestela biziko ez nituzkeen biografiak asmatuz paperean eta oholtza gainean. Zer litzateke historia alfabetorik gabe? Haurren isileko estrategia da sormena, sano jarraitzeko hamahiru urteak bete ostean. Gezurra da nire gorputza eta samina presondegitik ihes egin duen gaizkile eder bat. Nola da posible munduan hainbeste aurpegi ezberdin egotea? Txikitan karrikan jolasten ginelarik polizia izan nahi genuen, telebistan haiek zirelako onak. Orain onak dira amesgaiztoa, hotzikararik demokratikoena. Hiru. Bat. Hamaika. Ehun Hamahiru.

Existitzen al dira demokrazia demokratikoak? Baina haurrek ezin dute manifesturik idatzi, ez protestarik antolatu, ez isolamendua barkamenarekin mendekatu. Babesgabeak dira, apatikoek behin eta berriz bortxatutako ametsen jabeak, adin txikikoak esaten zaien arren adin txikitukoak askotan. Alkoholaren, tabakoaren eta gezurraren hatsa dute helduon muxuek. Zergatik aldatzen da zerua? Erotu naiz. Aukeratu dezadan behintzat zer nolako eroa izan nahi dudan. Zortzi. Berrehun. Mila. Milioia. Infinitu! Eta hamahiru. Nork erabakitzen du zer den gehiengo bat?

Dasta nazazue. Lur honetan jolasten naiz, jada ez dut polizia izan nahi. Lur honetan eraikitzen ditut nire panpinentzako etxeak, txabolak, futbol zelaiak, abenturak. Mapetan apopilo, uneetan maizter, bizitzak irudikatzeko askatasuna imajinatu behar da lehenik. Ozen galdetzen diet (publikoki, hau da, ilegalizatua izateko arriskuarekin) mandatari ofizial eta ez ofizialei: Nora doaz dutxan galdutako ileak? Mugi nazazue. Zer naiz? Argazki baten antza dut.

Haurren galderak erantzutea literatura egitea ote da? Edan zarata zakarraren kamioiak esnatzean, arnastu neguko geruzen lerdea ortzadarra biluztean, zapaldu adiskide minen ilargi burusoilak. JARRI PERTSONA IZENA LORE BATI. Aldarrikatu matematika ezinezkoak mundua ulertzeari uzteko, jolastu justizia posiblea den minutuetan denborak haurrak ustel ez ditzan. ZABALDU ZULOAK URAREN AZPIAN. Txikia naiz egunean behin edo bitan, eta ez da posible; eta hala ere atzoko erantzunek biharko galderak lotzen dituzte. PIZTU BI IRRATI BATERA ETA ENTZUN. Belarra hazi zait

bularrean, sorbaldetan, hankartean. Titiburuak sukartzen zaizkidanean eztanda egiten du jostailu batek. GAIZKI ULERTU EDER BAT DA MAITASUNA. Udazkeneko zeruen distira basatia nahi dut inoiz pintatuko ez ditudan koadroak gogoratzeko. Non arraio birziklatzen dira ideologiak? (papera-plastikoa-beira, kontainer erreak) Biluz nazazue. Ezten baten antza dut. Haurra izan nahi dut, eta banaiz eta ez naiz. Zergatik ez ditugu kalean usoen kumeak ikusten? Harrapa nazazue. Eta lau eta bost eta hamahiru eta abar. Arnas nazazue basoen gerizpean.

Zuhaitzek memoria eusten dute, baina inor ez da gai haien oroitzapenak zenbatzeko. Zenbat hosto hazten zaizkio pago bati? Orbela ez zait besoetan sartzen krosk, ibilian zapaltzen dut iragana krask. Laztan nazazue. Ile baten antza dut. Zer naiz? Begira iezadazue. Nola ikusten da mundua betaurrekorik gabe? Belarra hazi zait bularrean. Plastilinazko lorategi batean bizi naiz. Simaur usaina dago berton baina gaurko zerua ikusten da. Haurren galderei erantzutea iraultza egiteko modu bat ote da?

nire eskuen memorian zaudete: Ama, Amaia, Idoia. joan zinetenak: Jonan, Toni, Karmen, Paco, Juanita, Jose. joan ez zinetenak: Mikelazulo kultur elkarteko adixkideak, Labeakoak, metrokoadroka-koak. lerro artean: Mikel, Iker, Ander, Oscar, Axi. besarkada bat JosAntoni, arratsalde hartako animoengatik. esku batean esku guztiak sartzen direlako, eskerrik asko.

Anda mungkin juga menyukai